Naturaren bukaera


Bruno Latour 1947an jaiotako antropologo eta soziologo frantsesa da. Zientzia, teknologia eta gizarte gaietan aditua da bera. 2015ean “Face à Gaïa: Huit conférences sur le nouveau régime climatique” argitartu zuen; gaztelaniaz, Buenos Airesen Siglo XXI argitaletxeak 2017an “Cara a cara con el planeta. Una nueva mirada sobre el cambio climático alejada de las posiciones apocalípticas” izenburuarekin argitaratua. Gaztelaniako argitalpeneko 51. orrialdean “El fin de la naturaleza” edo “naturaren bukaera” esamoldea aipatzen du. Lantxo honetan esaera horren esanahia edo zeri egiten dion erreferentzia azaldu nahi dut.

Argia da azken mendeetan gizakiok gure ingurumenean eragin ditugun aldaketak nabarmenak izan direla. Gizakia gizaki denetik eraldatu izan dugu gure ingurunea: naturatik hartu izan ditugu baliabideak eta sorturako hondakinak ere naturara izuri ditugu; lurzorua eraldatu dugu gure beharrizanak asetzeko eraikinak zein azpiegiturak egiteko; ongarri kimikoak eta txertaketak erabili ditugu uztak bai hobetu, bai ugaritzeko; pestizidak eta sendagaiak baliatu ditugu zenbait izaki akabatu eta beste batzuk lehenesteko. Esan bezala, gure ingurumena zeharo aldatu eta egokitu dugu, eraldaketa hori gainera, historian aurrera egin ahala bakoitzean nabariagoa izan da.

Ingurumenean sortu dugun eraldaketaren ondorioz esaten du Latourek, nire ustez, “natura bukatuta” dagoela. Baieztapen horrekin esan nahi du natura kontzeptua, gizakia inguratzen duen eta egonkorra den zerbait bezala, guztiz zaharkituta geratu dela. Naturaren berezko ziklo guztiak aldatu ditugu gizakiok. Uraren zikloan eragin dugu, baita karbonoaren zikloan ere. Nitrogenoaren zikloa ere eraldatu genuen Fritz Haberrek amoniakoa sintetizatzeko metodoa aurkitu zuenetik. Gure planetaren alderdi eta eremu guztiak aldatu ditugu. Hau dela eta esaten du Latourek natura bukatuta dagoela, ez baitako gizakiok eraldatu gabeko naturarik. Horregatik, egile frantsesaren esanetan, gaur egun, ez dago natura pururik. Natura eta kulturaren elkarreraginaz hitz egin behar genukeela proposatzen du.

Uste izan dugu natura gizakiekiko eta gure patuarekiko aiherga zela eta bere horretan jarraituko zuela betirako: bihozgabea eta sentimendu gabekoa, askotan krudela ere bai. Baina gizakion eraginez hori aldatu egin da; gure planetak gure ekintzen ondorioak jasaten ditu eta gure ekintzen ondorioz planeta erreakzionatzen ari da, eta oso arin gainera. Aldi post natural batean murgilduta gaudela ukatzea ezinezkoa da Lautoren hitzetan. Gizakiok mendikateak, sumendiak edo erosioa bezain boteretsua den indar geologiko bihurtu gara, planetaren eraldaketan indar aktiboena. Antropozeno betean bizi gara.


Bibliografia:

Latour, Bruno (2015) Cara a cara con el planeta. Buenos Aires: Siglo XXI editores, 2017.

Irudia:
https://www.buscalibre.es/libro-cara-a-cara-con-el-planeta-bruno-latour-siglo-xxi/9789876297370/p/48251219?gclid=Cj0KCQjwse-DBhC7ARIsAI8YcWJbg4zi9MbO4b4Fj06DqNJLHVtFiXLOkXAqa07CdVTmrsRyHl98ghoaAmCSEALw_wcB


Comentarios

Entradas populares de este blog

Ciencia: ¿de lo general a lo particular, o viceversa?

Inteligencia artificial: evolución continua

Los Algoritmos de Google