Senarrari azken gutuna



Dahlem-en, 1915eko maiatzaren 2an

Senar maitea:

Atzo arratsaldean zurekin izandako elkarrizketaren ostean gutun hau idaztea baino beste aterabiderik ez dudala erabaki dut. Penaz eta bihotz minez bada ere uste dut nire jarrera eta jokabidea guztiz zilegi eta justifikatuak direla, zuk ulertu eta onartu nahi izango ez badituzu ere.

Hasteko, dagoeneko behin baino gehiagotan aipatu dizudan moduan, zure ikerketa zientifikoek hartu duten bidea deitoratu nahi dut. Oso harro nengoen, duela 10 bat urte, amoniakoa sintetizatzeko aurkitu zenuen bidearekin. Asmakuntza hartan alde ilunen bat ikusten banuen ere, lehergaiak egiteko balia zitekeelako, orokorrean gizateriarentzat oso onuragarria izango zen aurkikuntza egin zenuen. Amoniakoren sintesiaren bidez ongarri sintetikoak ekoiztea ahalbideratu zuen zure ekarpenak. Harrezkero, elikagaien ekoizpenak nabarmen egin du gora. Eta hori ez bakarrik Europako herrialdeetan, asmakuntzaren onura planeta osoan nabaritu izan da. Esan bezala harro nengoen zuk egindakoaz, mundu guztiari esan nahi nion nire senar maiteak zernolako ekarpena egin zion gure espeziari, pozez txoratzen nengoen. Seguru nago egunen batean zure ekarpen hau saritua eta nazioarte mailan aintzatetsia izango dela, baliteke egunen batean kimikako Nobel saria bera ere eskuratzea.

Orain, ordea, bestelako ikerlan batzuetako emaitzak aztertzen eta gainbegiratzen ari zara, gizateriari inolako ekarpen positiborik egingo ezi diotenak. Atzo arratsaldean esan zenizkidan hitzak ezin ditut burutik kendu “bake garaian, zientzialariak munduari dagokiola, baina gerra garaian, norberaren herriaren esanetara egon behar duela” baina ez nago batere ados zure esanekin. Sortu duzun pozoi horrek zure herrikideak ere berdin akatu ditzake, galdetu bestela zure egin zenituen probetako batean haizea bat batean aldatu zelako pozoitu eta hil zen zure laguntzailearen emazte eta seme alabei. Gogoratu, gas hark ia zu zeu ere akabatu zintuela, ozta ozta lortu zenuen handik ateratzea. Arma kimiko horren sorrerak eta garapenak, esan bezala, ez ditu zure herrialdearen etsaiak soilik hilko, gizateria osoa akabatuko du konturatzen garenerako.

Atzo arratsaldean argi esan nizun, gabeko ospakizunean ez nuela parte hartuko. Ez nago harro kapitan izendatu zaituztelako, ez behintzat pozoi berdexka hori asmatu eta nola erabili aurkitu duzulako dela jakinda. Lotza , mina, arrenkura eta beste hainbat sentimendu negatibok menperatzen naute. Atzo dibortzioa eskatu nizun, get-a emateko erregutu nizun. Argi esan nizun ez nengoela prest agunah bat izateko. Zuk traidore bat nintzela eta antzeko salaketa bortitzak egin zenizkidan eta sekula santa ez dituzula gure dibortzioa legezko izateko dokumentuak sinatu argi utzi zenidan. Beraz, ez didazu beste alternatibarik uzten. Ez dut, inolaz ere, gizateriaren aurkako kriminal baten emazte eta konplize izan nahi.

Jakitun naiz judu batentzat suizidioa oso pekatu larria dela judu batentzat eta familiarentzat ahalke handia dakarrela baina ez dut beste aterabiderik ikusten. Agian egunen batean barkatuko didazu egindakoa. Beharbada nire ekintza honek hausnarketa eragingo dizu eta zure ankerkeria alde batera utzi eta zure maisuaren, Robert Bunsen-en bidetik ekingo diozu zientziari.

Zaindu ezazu gure seme, Hermman, nire ekintzarekin kaltetu nagusia izango dena, dudarik gabe. Badakit egunen batean nik egindakoa ulertu eta bakezale amorratua izango dela. Hori da behintzat nire desira nagusia. Zientziarenganako maitasunak elkartu gintuen baina zientziarekiko ikuspuntu antagonikoak banatu.

Infernuan ikusiko dugu elkar.

Clara Immerwahr


Comentarios

Entradas populares de este blog

Ciencia: ¿de lo general a lo particular, o viceversa?

Inteligencia artificial: evolución continua

Los Algoritmos de Google