4b jarduera. Kultura zientifikoaren eragina zientziarekiko jarreran.

Alfabetatzeaz ari garenean, gaur egungo gizartean eta gu bizi garen eremu honetan, ezin dugu ulertu XIX. mendian ulertzen zen moduan. Alfabetatzearen hastapen haietan, helburua herritar xumeak beraien bizitza arrunta aurrera eraman ahal izateko irakurketa eta idazkera barneratzea zen. Gaur egun, ordea, Hezkuntza derrigorrezkoa den heinean, egoera bestelakoa da. Alfabetatutako edozein pertsonak gutxiengo jakintza zientifiko batzuk izango dituela pentsatu behar dugu. Horrela izan beharko luke behintzat.

Derrigorrezko eskolaratzea lehen hezkuntzako lehen mailatik hasi eta DBHko 4. mailara arteko aldia barne biltzen du, guztira 10 ikasturteko ibilbide akademikoa. Urte guzti horietan arlo desberdinetako hainbat jakintza barneratzen ditu gizabanakoak, eta nola ez, jakintza zientifikoa ere bai. Hori dela eta nire ustez, gaur egun, alfabetatzea aipatzen dugunean, horren barnean, gutxiengo ezagutza zientifiko batzuk eskuratu dituela uste dut ezinbestean.

Zoritxarrez, ordea, askotan eskuratutako ezagutza horien erabilgarritasuna ez da bat batean edo egunerokotasunean aplikatzekoa izaten eta horrek behar ez dituen ezagutzak eskuratzera behartzen duela hezkuntza sistemak ustera eramaten du herritarra. Eskuratutako ezagutza horiekiko desafekzioa bultzatuz. Ume eta gaztetan ikasten ditugun gauz asko, erabilgarritasuna izan badute ere, askotan ikasten ari ez dugu jakiten zertarako ikasten ditugun eta erraz ahazten ditugu. Zenbaitetan ikasgai konkretu bat, zientziak esaterako, oso zaila egiten zaigu, irakaslea atsegin ez dugulako, oso trebeak ez garelako edo beste edozein aitzakia tarteko eta horrek ikasgai horrekiko gure jarrera baldintzatuko du bizitza guztian. Askotan sinestarazi digute zientziak zailak direla eta errazagoa dela bestelako ikasgai edo bideak hartzea, horrek, hain trebeak ez diren ikasleak zientziatik aldentzea ekarri du, horretarako balio ez dutela sartu diegulako buruan.

Beraz, nire ustez argi dago, zientziari buruzko ezagutza gehiago izateak ez du zientziari buruzko herritarren jarrera positiboagoa bultzatzen. Zientziarekiko herritarren jarrera moldatu eta indartzeko ezagutzak eskuratzeaz gain ezagutza horien erabilgarritasuna eta baliagarritasuna zein den erakutsi behar zaie. Zientziak erakusteko beste molde bat jorratu beharko litzateke ikastetxeetan, askoz ere praktikoagoa, ikasleen jakin-minetik abiatutakoa eta nola ez, testuinguruko behar izanei erantzuten diena, nola ez.

Hori, hala ere, ez da soilik zientzi irakasleen lana, gainerako hezkuntza komunitateak ere ardura hartu behar du horretan. Apurka-apurka bada ere aurrera urratsak ematean hasiak gaudela esango nuke. Duela urte batzuk oso ohikoa zen irakasle batzuk beraiek letratakoak direla esan eta zientziari buruz ezer ulertzen ez zutela baieztatzen zutenak, gaur egun baina, gero eta gutxiago dira horrelako jarrera erakusten dutenak. Eskola askotan STEAM proiektuak abiatu dira eta horrek zientzia eta teknologia zehar lerro moduan lantzea ekarri du. Eskoletan zientzia asteak antolatzen dira, zientzia eta teknologia proiektuak eraiki, adituen hitzaldiak prestatzen dira,… Nire ustez eskoletan egiten ari den lan horrek guztiak etorkizunerako herritarren zientziarekiko jarreran eragingo du, dudarik gabe, eta ezagutzatik haratago joango diren ondorioak ekarriko ditu.

Beste alde batetik, proposatutako bigarren baieztapenarekin, hau da, zientziarekiko jarrera negatiboa kultura zientifiko ezarekin edo ezjakintasunarekin lotuta dagoela baieztapenarekin ados nagoela esango nuke. Gehienetan ez jakintzak axolagabekeria dakar berarekin eta horrek nola ez interes falta esan nahi du. Ezagutza zientifikorik ez izateak gertakarien arrazoien ez ulertzea dakar eta sineskeria eta antzekoak baliatzea gertatutakoak azaltzeko.

Zientziarekiko jarrera positiboa izateak, ordea, ez du esan nahi kritikotasuna alde batera utzi behar dugunik. Askotan, erabili izan dute bai komunikabide, bai politiko, bai iragarki eta bai enpresa handiek zerbait zientifikoki frogatuta dagoenaren aitzakia ideia bat inposatu eta gizartean zabaltzeko. Zientifikoki frogatua dagoela esatea ez da nahikoa, nire ustez, ideia bat onartzeko. Hor gizabanakoaren iritzia eta kritikotasuna ere kontuan izan behar dira.

Zerbait estimatzeko ezagutu egin behar da eta zenbat eta gehiago ezagutu berarekiko jarrera positibo bat izateko aukera handiagoa da, beraz, zientzialariek nola lan egiten duten eta erabiltzen duten metodoaren berri ematea ezinbestekoa da zientziarekiko gizartearen jarrera positiboa bultzatzeko, Horretarako hezkuntza sistema, komunikabide, politiko eta gizarteak orokorrean aintzat hartu beharko lituzkete zientziak egindako lorpenak eta gure eguneroko bizitzan duten erabilgarritasuna eta eragina nabarmendu. Horrela lortuko dugu zientifikoki kultuagoa izango den jendarte bat. Eguneroko erabakietan zientziaren ekarpena balioetsi eta erabiliko duena. Bidea hasia dugu eta zuzen goazela esango nuke.


Comentarios

Entradas populares de este blog

Ciencia: ¿de lo general a lo particular, o viceversa?

Inteligencia artificial: evolución continua

Los Algoritmos de Google