Erabaki teknikoen ondorio politikoak

Landon Winnerrek “Do Artifacts Have Pilotics?” 1983an argitaratutako artikuluan baieztatu zuen gailu teknikoek ezaugarri politikoak zituztela. Baieztapen hau guztiz zentzu gabekoa dela esatea guztiz onargarria izan daiteke lehenbiziko begira soil bat egingo bagenio, bederen. Gizakiok gara subjektu politikoak eta bizigabeko gailuek ezin dute politikan eragin. Baina baieztapenaren esanahian apur bat sakonduz gero esaldiak egia borobila esaten duela onartzea ukaezina da.


Winnerrek sortzez politikarekin guztiz lotutako teknologia mota bi aipatzen ditu. Lehenengoak malguak. Talde honetan gailu edo teknologiak horiek diseinatzekoan hartutako erabakiek ondorio politiko zehatz batzuk eragin ditzakete. Esaterako, Mendate bat ekiditeko tunel bat egitea erabakitzen da. Tunelak berez ez du eragin politikorik baina tunela egitearen ondorioz aurrerantzean ez da garraiobiderik pasatuko mendatetik eta bertan zeuden jatetxe eta negozioek ez dute bezerorik izango. Tunelak izan du eragin politiko bat ingurunean. Bigarrenak, ordea, Winnerek zurrun moduan izendatzen dituenak, askoz ere eragin politiko nabariagoa izaten dute eta eragin horrek luzaroan izaten ditu ondorioak, nahiz eta sistema politikoa edo agintarien aldaketa izan. Bigarren mota honetako teknologia bat aztertuko dugu jarraian.

Demagun agintariek erraustegi bat egitea erabaki dutela zure herrian. Ukaezina da zaborren gaiak konponbide bat behar duela; izan ere, urtez urte hondakin gehiago sortzen ditugu eta inguruko zabortegi guztiak gainezka daude eta dagoeneko ez daukagu sortzen dugun hori non pilatu. Epe laburreko konponbide moduan ondoko erkidego bateko zabortegi batera eramaten dira zaborrok baina horren kostu ekonomikoa jasanezina ekartzen du. Hori dela eta lehen esan bezala erraustegi bat egitea erabaki dute.

Erraustegia egitea erabaki tekniko bat bada ere, ezinbestean gure herri eskualde eta herrialde osoaren zabor kudeaketa baldintzatuko du epe luzez. Errausketa sistemak zabor bilketa sistema konkretu bat eskatzen du eta dimentsionatu duten moduan zabor kopuru jakin bat erre behar du egunero errentagarria izan dadin. Beraz, etorkizun batean sortzen dugun zaborra kudeatzeko sistema berritzaile bat garatuko balitz ere gure herrialdeak zaborrak erretzen jarraitu beharko luke, egindako inbertsioa amortizatu arte, gutxienez. Zaborra biltzeko sistemak ere, kamioiak, edukiontziak,… erraustegiaren arabera diseinatutakoak izango dira. Horrek oso zail egingo du zaborra kudeatzeko sistema beharrizan berrietara moldatzea, esan bezala, sistema osoa teknologia jakin baten arabera antolatu delako.

Horrela ez da bideragarria izango sortzen dugun hondakin kopurua gutxitzera bideratutako politikak bultzatzea; horrek erraustegiaren erregai kopuruan eragingo lukeelako. Supermerkatuetako produktuen ontziratze politika arautzeko neurriak hartuz gero ere erregai kopuruak behera egingo luke. Materia organikoa aparte bildu eta luarra egiteko politikak bultzatuz gero aurreko arazo bera.

Erraustegia egitea ez zen aukera bakarra, bazeuden beste posibilitate batzuk, baina bat aukeratu zen. Erabakia teknikoa bazen ere ondorio politiko nabarmenak utzi dituenak eta etorkizunean ere eragingo du garaian hartutako erabakiak, orain erraustegia eginda zaila izango da alde batera utzi eta aipatutako bestelako politika batzuk bultzatzea.

Hau dela eta, askotan erabaki teknikoak teknikoek hartu behar dituztela baieztatzen digutenean, beraien ondorioak politikoak diren heinean erabakiak hartzeko bestelako bide batzuk jorratzea oso interesgarria izango litzateke, dudarik gabe.


Irudia
https://cadenaser00.epimg.net/emisora/imagenes/2017/04/27/ser_madrid_sur/1493291684_443738_1493292059_noticia_normal.jpg



Comentarios

Entradas populares de este blog

Ciencia: ¿de lo general a lo particular, o viceversa?

El estribo, el combate con carga de caballería, el feudalismo y la caballería