Nahikoa errealista naiz pesimista hutsa naizen arren
Orain arte errealismoa zer zen ere ez banekien ere, oro har ados nago errealistek baieztatzen dutenarekin, behatzailearen adimenetik askea den eta teoria zientifikoek ezagutu nahi duten mundu hipotetiko bat existitzen dela esaten dutenean. Gure ezagutzatik haratago mundu erreal bat existitzen da. Behatzaile bakoitzak bere pertzepziotik begiratzen badio ere errealitatea hor dago errealitatea ez da gure zentzumenek eraikitako konbentzio huts bat.
Ondo baieztatutako teoria zientifikoek aurreko paragrafoan aipatutako mundu hipotetikoari buruzko informazioa ematen digute, ez soilik gertaera soilena. Teoriak gertaerak azaltzen dituenean eta gerta horiek aurreikusi eta sortzen dituzten eraginak atzeman ditzakegunean errealitatea beraren baleko azalpenak direla onartzea onargarria dela uste dut. Baliteke baieztatutako teoriek errealitatea bere osotasunean azaldu ezin izatea baina munduari buruzko benetako informazioa gordetzen dute. Arazoa, ordea, baieztatutako teoriak zeintzuk diren atzematean egon daiteke, askotan gainera teoria batzuek ikusezinakedo ezin atzeman ditzakegun prozesu zein entitateak egoten dira eta hauek ontzat emateko gutxiengo ziurtasun bat behar dudala ezin dut ukatu. Puntu honetan ez dut bat egiten errealisten ikuspegiarekin; hauek errealitatea azaltzeko gai diren teorietan agertzen diren entitate guztiak benetakotzat hartzen baitituzte. Egia esan, nik nahiago dut pentsatzea gertaerak azaltzen badituzte ere balitekeela fenomenoak azaltzeko zein azalpen horiek borobiltzeko gizakiok asmatutako eta instrumental hutsak diren osagaiak erabiltzea.Errealitatearen eta gure teoriaren enuntziatuen arteko elkarrekikotasuna dela egia baieztatzen dute errealistek. Onartzen dugun teoriaren egia teoriak eta errealitateak bat egiten duten arloak dira. Teoriak hobetzen direnean ez da fenomeno gehiago azaltzeko gai direlako, ez horixe, teoria hobetuak egia gehiago barne biltzen dituelako da errealisten ustez. Baina teoria hobetu izanaren froga fenomeno gehiago azaltzeko gai dela gehituko nuke nik.
Errealistek erabiltzen duten beste argudio bat ez mirariarena da, eta argudio hau oso ulergarria egiten zait. Zenbait teoriek horren ondo aurreikusten badituzte fenomeno eta gertaerak errealitatea azaltzen dutelako izan behar du; hau da errealitatearekin bat datozelako. Bestela, gertaeron aurreikuspen hori miraria dela onartu beharko baikenuen. Dena dela, hori ere ezin dugu guztiz onartu balitekeelako gaur egun ontzat ematen den teoria bat gero faltsua dela frogatzea, eta historian badaude horrelako zenbait adibide, nahiz eta hainbat fenomeno azaltzeko eta aurreikusteko gaitasuna duten.
Errealistek, beraz, gure ezagutza benetako errealitateari buruzko ezagutza dela baieztatzen dute eta orokorrean bat nator beraien iritziarekin.
https://queenjattemonstret.wordpress.com/2015/10/18/78/
Comentarios
Publicar un comentario